Hariak

La Resistència Íntima liburuaren irakurketan murgilduta nago. Nire bizitzako momentu honetarako aproposa. Acantilado argitaletxeak itzuli du gaztelaniara . Bene-benetan gomedatzen dizuet. Testuan hitz baten etimologia zoragarri bat kontatzen zaigu: nihil, “ezer ez” latinez. Bi hitzen batura izan daiteke: ne-hilum, harririk ez.
Haria, loturaren ikur eta irudi unibertsala.
Hari fisiko eta konkretua: Zilbor hestea, geure burua lehenengo lotura fisiko honetatik sortzen dugu; literalki, norbanakoa.
Hari mitologikoa: Ariadnarena, Teseo laberintotik ateratzea lortzen duena.
Hari sinbolikoa: Gizakiaren harremanena.

 

Casa dos Repuxos, Conimbriga
Casa dos Repuxos, Conimbriga

Hilabete batzuekin kontzientzia bat agertzen da, erabakigarria, gure espeziearentzat: izaki ezberdina garela ohartarazten digu kontzientzia honek. Instant horrentatxe, hain justu, agertzen da lehenengo larrimina, bakardadearekiko larrimina, banaketarekikoa. Haurtxoak, ordura arte goseagatik edo loguragatik edo deserosotasunagatik negar egiten zuenak, bakardadeagatik egingo du negar.Bere ama ez beste norbait dela oharturik, hari imajinario bat botatzen saiatzen da bere lehen lotura sortzeko. Eta han elkarrekikotasuna ere hasten da. Haurtxoaren lotura sortzeko ahaleginak, bere negarrekin, bere maitasun eskearekin, inkontzienteki eta zuzenean berak ere behinola negar egindako lantu hartara eramaten du ama, eta enpatia sakona eragiten dio.
Hau naiz ni, negar bakoitzak aldatzen nau. Bizitza, batez ere, hau dela konturatzen naiz: guk besteengana jaurtitzen ditugun hariak, besteek guri eskaintzen dizkigutenak. Gure inguruan ehuntzen den harreman sare hori guztia.
Honek guztiak Sarrionandiaren poeman pentsarazi dit:

HARIAK
Gurasoen hariak,
halabeharren hariak,
norbere gorputzaren hariak,
lagun minen hariak,
behaztopatzeko modu luzeak,
hariak.

Lotzen zaituzten hariak,
maitasun luzeak bezalako hariak.
Titerearen modukoak
batzuetan atezuan,
besteetan lasaieran,
edo korapilatzen.

Eta horrela bizi hariekin,
hariak egokitzen,
hariei kasu egiten,
harien kontra tiraka,
harien gatibu.

Eman dezagun berrogei urtez horrela…
eta bat batean
ohartu ezetz,
eguzkiaren edo ilargiaren
errainuak bezalakoak direla,
hariak,
eta ez zaituztela lotzen,
azkenean,
ez duzula haririk.

Duela urte batzuk askatasun kantu bezala ulertu nuen; gaur larrimin sintoma gisa irakurtzen dut.

Hariak galtzea, lotura horiez kontziente ez izatea, alboratu ditzakegula, lehenengo larritasun hori ahazteko bezain indartsuak garela pentsatzea zelatan daukagun arazoetako bat dugu. Gaizki ulerturiko banakotasunarena.
Nire lehen alabak Ariadna du izena. Orain konturatzen naiz zein egokia den . Bera izan zelako lehen haria bota zidana. Hari-muturra jaurti eta tira egin zion. Maitasun harreman primario eta oinarrizko batez koziente egin ninduen.
Nihil, haririk ez, “ezer ez” latinez. Ezer ere ez daukagulako, errealitateari, beharrezko den horri, besteari, lotzen gaituen haririk gabe.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *